XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta martxan jarri ginen, gure erabaki sendoz, emakume jatorraren etxerantz.

Ardizakurrak aurkitzen ez bagenituen, askoz ere hobe, gu zakur bakezaleak bait ginen.

Baina berriro gure aurrean jartzen ausartzen baziren, borroka gogorra izango zen. Horixe baietz!.

Eta gogorra izan zen bai borroka, ni zakurra naizen bezalaxe! Gure etsai kaskagogorrak zain zeuden, sardintzarrak bezain zuzen, izkina berean.

Gu ikustean, guregana salto egiteko mugimendua egin zuten, baina ezer ez balitz bezala aurrera jarraitzen genuela ikusi zutenean, gelditu egin ziren harriturik eta elkarri begira.

Beraien aurrean gelditu ginen, muturrez mutur.

Eta elkarrekin borrokan hasi aurretik, ehun hitz baino askoz gehiago balio zuten begirazun *begirazun: begirada luze eta esanahi handikoak bota genizkion elkarri: - Utzi pasatzen! - Geldi! Lurrean ageri ez den zakur batek guri erakusteko asmoa ote du?.

- Sistra nahi duzu, e? - Sistra? Ikusiko zenuke lotsagabe hau! Ze eskakizun dira hauek? Nahi al duk muturra trenaren gurpil azpian txikle bat bezala nola uzten diadan ikustea?.

@- Gaizki bukatuko dugula esaten diat... @- Baina isilduko al haiz behin betirako, mikrobioa, zakur miniatura, oliontzi tapoia?.

- Hemen isilduko dena hi izango haiz, harroputza!.

Konformagaitzek ez zuen ordurarte begirazunetan parte hartu, baina ezin izan zuen gehiago jasan.

Bere begiek diz-diz egin zuten: - Aurrera, zakurtaldea! Erakuts diezaiegun harroputz hauei bi eta bi zenbat diren!.